Skip to main content

Ehiza Iraunkorra eta Biodibertsitatea Fundazioa jaio da Euskadin, ingurumenarekin inplikatuta eta modu arduratsuan jardutea bultzatzeko.

Eusko Jaurlaritzarekin, foru aldundiekin, federazioekin, ehiza barrutiekin, biodibertsitatearekin zerikusia duten erakundeekin eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin elkarlanean aritzea da Fundazioaren asmoa bere sorreratik. Naturarekiko begirunezko ohiturak bultzatuko ditu, hiru arlo hauetatik: ezagutza, zabalkundea eta informazioa.

presentacion funcasbiod fundacion caza sostenible y biodiversidad

Ehiza jarduera iraunkor eta baliabide naturalak eta ingurumena errespetatzen duen jarduera gisa bultzatzeko asmoarekin, Ehiza Iraunkorra eta Biodibertsitatea Fundazioa eratu da Euskadin (FUNCASBIOD). Gaur aurkeztu da erakunde berria, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan, eta bertan egon dira Fundazioaren presidente Miguel Lazpiur eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz, besteak beste.

Fundazioak honako hiru arlo hauetan jarduten du nagusiki: ezagutza, zabalkundea eta informazioa. Natura errespetuz tratatzearekin konprometituta egon eta ehizak ohitura iraunkorrak bultzatzen lagundu dezakeela uste duten pertsona guztientzat zabalik dago erakunde berria. Fundazioko kide dira, besteak beste, kirol federazioak eta ehiza barrutietako elkarteak, ingurumenarekin lotura duten pertsonak, bai eta maila pertsonalean sartzea erabaki duten beste pertsona ospetsu batzuk ere, esaterako, Miguel Lazpiur enpresaria, zeina Confebask presiditu baitzuen 2005 eta 2011 artean. Gainera, pasa den urtearen amaieran Ehiza Iraunkorraren eta Biodibertsitatearen aldeko Fundazioa eratu zenetik, Miguel Lazpiur da fundazioko presidentea, fundazioaren babesleek hala erabaki zuten-eta aho batez.

Ehizak jarraitzaile ugari ditu Euskadin. Jarraitzaileetatik 40.000 baino gehiagok lizentzia administratiboa dute, eta horietatik 18.000 lagun federatuta daude.

Eusko Jaurlaritzarekin, foru aldundiekin, federazioekin, ehiza barrutiekin, biodibertsitatearekin zerikusia duten erakundeekin eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuekin batera, Euskadin zein Espainian eta Europan aritzea da Fundazioaren asmoa bere sorreratik. Gaur egun jada existitzen diren beste erakunde batzuei ekarpenak egitea eta haien lana osatzea da bere asmoa.

Nazioarteko foroa urtarrilean eta azterketa sozioekonomikoa

Bere eginkizunen artean, Fundazioak hainbat azterketa zientifiko egingo ditu, ehiza iraunkorrarekin lotura duten beste jarduera batzuez gain. Hasteko, 2015aren bukaeran txosten zehatza eta asmo handikoa lantzen hasi zen ehizak Euskadin duen eragin sozioekonomikoaren gainean. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta Euskadi osoko hainbat elkarte ari dira bertan laguntzen. Emaitzak maiatzean ezagutaraziko direla espero da.

Fundazioa, halaber, espezie migratzaileen kudeaketari buruzko foro bat antolatzen ari da, non nazioartean garrantzia duten adituek parte hartuko duten. Mintegia urtarrilaren 29an eta 30ean egingo da Oiartzunen (Gipuzkoa), Arkale Ehiza Eskolan. Mintegian, espezie mota horren egungo egoera eta ehiza ondarea kudeatzeko lanik aurreratuenak emango dituzte ezagutzera unibertsitate, ikerketa zentro eta nazioarteko erakundeetako adituek.

Fundazioaren asmoa da, baita ere, espezieak ezagutzeko eta kudeatzeko azterketak egitea, eta horretan aplikatu daitezkeen teknika berriak lantzea. Lehen hilabete hauetarako programatu dute, besteak beste, ehiztari guztientzat lagungarri izango den gailu mugikorretarako aplikazio berri bat abian jartzea (APP).

Fundazioak, halaber, lagundu egingo du natura, espezieak eta habitatak zaindu eta hobetzen eta galzorian dauden espezieak berreskuratzen, ehiza munduan ikerketa zientifikoak sustatzeaz gain, bereziki azpimarratuta ingurumenarekiko errespetuaren eta floraren eta faunaren eta beraien habitatak zaintza eta berreskurapenaren aldeko balioak.

Ehiza arduratsua, iraunkorra eta eta ingurumenarekiko errespetutsua izatearekin lotura duten azterlanak, liburuak, gidak, eta lan tekniko, zientifiko edo ikerketakoak argitaratuko ditu fundazioak.

Eginkizun berezietarako, beste erakunde batzuk sortuko dira Fundazioaren menpe, esaterako, hauek: Ehizaren Behatokia, Ehizaren Foro Soziala eta Biodibertsitatearen Institutua.